Posts

Munduko Transbordadore Zubiak Bideoa

Monumentuen eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aurten, apirilaren 18an, MUNDUKO TRANSBORDADORE ZUBIAK aurkeztuko da, zubi hauen ondare eta gizarte mailako garrantzia hedatuko duen saio berezia, on line eskainiko dena.

Film labur honen bereizgarria da isolamendu sozialeko garaian egin dela, munduak bizirik dauden zortzi transbordadore zubiek modu kolaboratiboan emandako materialaren edizioa koordinatuz; zubi hauek Industria Iraultzaren isla dira. Hala, transbordadore zubi bakoitzak dagokion komunitatean duen esanahi sakona eta historia modu laburrean ikus daiteke.

Ideia, Produkzioa eta Errealizazioa: Silvana Canziani

Osten-Hemmoorreko transbordadore flotagarria: aire zabalera irekitako kultura agertokia

Pojatz taldea entseatzen. Argazkia: Karl-Heinz Brinkmann

Urte latza izan da aurtengoa, COVID-19ak eragindako murrizketen ondorioz. Besteak beste, ezin izan dugu zubiaren 111. urteurrena nahi bezala ospatu. Baina bestelako albisteak ere izan ditugu.

Ekainetik, zubiak berriz ere jardunari ekitea baimendu zenetik, bisitarien fluxuak gora egin du, eta 2019ko denboraldiko bisitariekin erkatuta, kopurua % 35 hazi da. Marka hautsi dugu.

Bidenabar, transbordadorea aire zabalean irekitako kultura hitzorduetarako agertoki ere bihurtu da. Musikarien entsegu leku gisa hasi zen, ez zegoelako baimenduta entseguak areto itxietan egitea; hala, ziur gaude etorkizunean bide luzea egingo duen aukera ireki dela.

Osten-Hemmoor, erabat galdu den museo bat edo hasiera berri bat?

FährStuv. Argazkia: Karl-Heinz Brinkmann

Udaberrian atsekabez jakin genuen zubiko erakusketa espazioari eraso egin ziotela; erabat suntsituta geratu zen.

Bada, aurrera begiratu behar da, eta plazer handiz iragarri nahi dugu museo berri baten proiektua dugula esku artean; dagoeneko proiektu horretan lanean ari gara.

Etorkizunera begiratuz, transbordadorearen historiari buruz gehiago jakiteko aukera emango digun kontzeptua garatu dugu; denok izango dugu horretarako aukera, baita ikusmen desgaitasuna duten pertsonek ere. Bidenabar, erakusketa areto berria erabilera anitzekoa izan dadin diseinatuko da, eta ekitaldietarako areto ere bihurtu ahalko da, agertoki txiki batekin.

Dena aurreikusi bezala joanez gero, 2022ko denboraldiari ate irekien jardunaldi batekin hasiera emateko prest egongo da FährStuv berria.

Zubien bilera birmoldatzen ari diren Rochefort zubian

2018ko azaroan, Bizkaia, Rensdburg eta Osten zubietako ordezkariak Rocheforten bildu ziren, bertako transbordadorea birmoldatzeko lanak ikusteko eta Transbordadore Zubien Munduko Elkartearen eraketan aurrera egiteko.