Posts

Munduko Transbordadore Zubiak Bideoa

Monumentuen eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aurten, apirilaren 18an, MUNDUKO TRANSBORDADORE ZUBIAK aurkeztuko da, zubi hauen ondare eta gizarte mailako garrantzia hedatuko duen saio berezia, on line eskainiko dena.

Film labur honen bereizgarria da isolamendu sozialeko garaian egin dela, munduak bizirik dauden zortzi transbordadore zubiek modu kolaboratiboan emandako materialaren edizioa koordinatuz; zubi hauek Industria Iraultzaren isla dira. Hala, transbordadore zubi bakoitzak dagokion komunitatean duen esanahi sakona eta historia modu laburrean ikus daiteke.

Ideia, Produkzioa eta Errealizazioa: Silvana Canziani

Ongi etorri gurera

Izen horrekin hasi da X La Boca Fundazioaren eta Carlos Oscar Di Lorenzoren programa, kultura interesekotzat jo duena Argentinako Kultura Ministerioak. 360 graduko esperientzia birtuala izango da, eta edozeinek, ordenagailutik, telefono mugikorretik edo VR betaurrekoetatik, bidaia bat egin ahalko du Nicolás Avellaneda Transbordadorean, ertzetik ertzera, La Bocatik Isla Macielera eta alderantziz.

Horrez gain, transbordadorearen historiaz, inguruan duen paisaiaz eta bi ertzetako ondare historiko eta kulturalaz ikasteko ere balioko du; izan ere, programa birtuala osatzeko txoko enblematikoetatik bisita gidatuak eskainiko dira.

https://fxlaboca.wixsite.com/bienvenidxsabordo

Bideoa #BAB

La Boca-Isla Macielgo transbordadorea berriz ere martxan da

Irailaren 11n zerbait historikoa gertatu zen. Harrezkero, Nicolás Avellaneda Transbordadorea berriz ere martxan da, La Boca eta Isla Macielgo langileak garraiatuz. X La Boca Fundaziotik pozez hartu dugu zubia berriz ere martxan jartzea, horrenbeste urte igaro ondoren eta errekaren bi ertzetako auzokide guztiek zein elkarteek ahalegin handia egin eta gero. Hala, transbordadorearen ontziak 1914. urtean bezalaxe zeharkatzen du ibaia alde batetik bestera.

Etapa berri honen lehen bidaiaren bideoa uzten dizuegu jarraian.

Funtzionamendu ordutegi berria 08:00etatik 19:00etara artekoa izango da astelehenetik ostiralera, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.

Enblema Urdina Nicolás de Avellaneda Transbordadorearentzat

2018ko abenduaren 18an, Nicolás de Avellaneda Transbordadore Zubiak Enblema Urdina jaso zuen Lantalde Nazionalaren eskutik. Talde hori hainbat ministeriotako ordezkariek osatzen dute (Defentsa, Kanpo Harremanak eta Kultu, Hezkuntza, Kultura, Zientzia eta Teknologia), eta Gatazka Armatuetan Kultura Ondasunak Babesteari buruzko Konbentzioaren baitan (Haga, 1954 eta horren Protokoloak) Argentinako estatuak bere gain hartutako nazioarteko betebeharrak ezartzeaz arduratzen da.

Lorpen garrantzitsua izan da, ondarea eta, ondorioz, Argentinako historia eta kultura babesteko.

Argazkiak: César Valdivieso, Laura Cabañas eta Carlos Oscar Di Lorenzo

 

Arte en miniatura ikus-entzunezkoa

Maketa artistikoen irudiak bildu dituen ikus-entzunezkoa da, omenaldi hunkigarria eginez erakusketa antolatu duen Batzorde Sustatzaileak bultzatuta; erakusketaren izena La Boca transbordadorea: EHUN URTE, ZUBI BAT da; Silvana Canziani (ideia eta ekoizpena), El Trapito elkartea,  Nas Dom Elkarte Jugoslaviarra, Benito Quinquela Martín Arte Ederren Museoaren laguntzarekin.

Maketa horiek omenaldia egiten diote Argentinako zubiari, eta zubi horrek nahiz Bizkaia Zubiak –ehun urtetik gorako egiturak, bi-biak– izandako garrantzia interpretatzen dute.

El Transbordador de La Boca: 100 años, un puente bideoa

Homenaje desde el sur | Hizkuntza: gaztelania

Read more

Rocheforteko eta Buenos Aireseko arduradunak Bizkaia Zubian

Hilabete honetan Rocheforteko Transbordadore Zubiko arduradunen frantziar ordezkaritza bat eta Buenos Aireseko Zubiko arduradun Nicolás Avellaneda hartu ditugu gurean plazer handiz. Bizkai Zubia eta haren gestioa bertatik bertara ezagutu nahi zituzten eta, aldi berean, gerturatzen ari den Transbordadore Zubien VI. Biltzarraren programaren garapenean aurrera egin.

Bi egun zoragarri igaro ditugu elkarrekin, eta lotura sakona sortu da gure artean, Alberto de Palacioren asmakizun bikainaren inguruan lotuko gaituen proiektu multinazional baten bila.