Rochefort
Pont Transbordeur du Martrou – Rochefort et Échillais – Frantzia

Martrou Echillais barrutia Rochefort hiriaren hegoaldean dago, Charente ibaiaren estuariotik hogei bat kilometrora. Han dago Martrou – Rocheforteko zubi transbordadorea, Ferdinand Arnodinek diseinatua eta 1900. urtean inauguratua. Monumentu Historiko izendatu zen 1976an. Gaur egun, eremu horretako erakargarritasun turistiko bisitatuenetako bat da eta interpretazio zentro bat dauka.
Historia
XIX. mendean, Charente ibaia gurutzatzeko zubi bat eraikitzea pentsatu zen. Zailtasuna ontzien igarotzea ez eragozteko sistema bat aurkitzea zen, ontziak etengabe igarotzen baitziren, batik bat Rocheforteko armategira (1927an itxia) zihoazen armadako ontziak. Hainbat proiektu izan zituzten esku artean, tunel berri bat eraikitzea ere bai, baina, azkenean, Ferdinand Arnodinek egindako proiektua egitea erabaki zen: zubi transbordadorearen sistema berria.
Lanak 1898an hasi ziren eta 27 hilabete behar izan zituzten. Zati metalikoak Arnodinen fabrikan eraiki ziren aurrez eta trenez eraman zituzten Rochefortera. Zutabeen zimenduei dagokienez, 19 metro hondeatu behar izan ziren Rocheforten aldean, eta 8 metro Echillaisen aldean, lurzoru nahiko solidoa aurkitzeko, egituraren 700 tonei eutsi ahal izateko. Azkenean, zubia 1900eko uztailaren 29an inauguratu zen.
Ferdinand Arnodin ingeniariak Frantzian eraikitako 6 zubi transbordadoreen artean, Martrouko zubi transbordadorea da gaur egun existitzen den azkena.