Rendsburg
Rendsburger Schwebefähre – Rendsburger Hochbrücke – Alemania

Rendsburgeko zubi transbordadorea (Rendsburgeko zubi altua) Alemaniako Schleswig-Holstein estatuan kokatuta dago, eta parekorik ez du munduan, zubi transbordadorea ez ezik, trenentzako zubibidea ere badelako. Kieleko kanalaren gainean, transbordadorearen ontzitxoak bi ertzak konektatzen ditu, eta haren gainetik igarotzen da trenentzako zubia. Friedrich Voss ingeniariaren diseinu bikain hau 1913an ireki zuten, eta gaur egun ere erregulartasunez funtzionatzen du.
Historia
Kieleko kanala (orduan Kaiser Wilhelm Canal) artifiziala da. 1887tik 1895era bitarte eraiki zuten, eta, orduz geroztik, Neumünster eta Flensburg arteko tren lineak bi zubi birakari paraleloren gainetik zeharkatzen zuen. Arazoa zera zen, itsasontziek gutxi gorabehera ordu erdiz gelditu behar izaten zutela tren bat igarotzen zen bakoitzean. Merkataritzako nabigazioagan ez ezik, Armadan ere eragiten zuen kezka egoera hark, zubiak itxita egonik flotak zenbait orduz atzera zitezkeelako, eta Armadak presioa egin zuen, bi zirkulazio fluxuak bereiziko zituen irtenbide bat bila zezaten.
Arazoa konpontzeko, zubi birakari haien lekuan zubi altu berria eraiki zuten, Fiedrich Voss ingeniariaren diseinu bati jarraiki. Eraikuntza lanak 1911tik 1913ra bitarte luzatu ziren, eta 350 langile inguruk parte hartu zuten haietan. 17,740 tona altzairu muntatu zituzten, “Siemens Martin plantxa onenarekin fabrikatutako errematxeen” 3,2 milioi ale erabiliz.
Rendsburgeko tren geltokia kanaletik kilometro bat baino gutxiagora zegoenez, burdinbideetako administrazioak erronka garesti eta teknikoki zail bati egin behar izan zion aurre: geltokiaren eta zubiaren arteko aldapa gainditu behar zuen. Hori lortzeko, 4,5 kilometro inguruko luzera zuen arrapala bat eraiki zuten, 360 graduko kiribil handi bat kanalaren ipar ertzean (“Rendsburg Loop”). Lurralde menditsuetan ohikoa izaten zen irtenbide hura, baina kasu honetan lehen aldiz erabili zuten eremu lau batean. Eraikuntzaren guztizko kostua, trenbideen birkokatzea barne, 13,4 milioi markokoa izan zen.
Azkenik, zubia 1913ko urriaren 1ean inauguratu zuten, eta Alemania osoko tren zubi luzeena izan zen 99 urtez..