Osten-Hemmoor
Schwebefähre Osten–Hemmoor – Osten – Alemania

Osten-Hemmoor zubi transbordadoreak Oste ibaia zeharkatzen du bi herri horien artean, Saxonia Beherean. 1909an eraiki zuten, eta hari esker gero eta ugariagoa zen zirkulazioari erantzun ahal izan zioten, itsasaldien eta klimaren mende egon gabe; horrez gainera, ez zuen oztopatzen belaontziek ibaian barrena nabigatzea. Bertakoek iparraldeko Eiffel dorrea esaten diote, eta eskualdeko ikur garrantzitsu bat da.
Historia
Zubiaren eraikuntza beharrezkoa zen 1881. urtetik, handitu egin baitzen Oste ibaia zeharkatzeko eskaria, Harburg-Cuxhaven tren linea ireki zutelako. 1899ko maiatzaren 10ean, tokiko kontseiluak erabaki zuen garraiagailu bat eraikiko zuela, itsasaldiak edo neguko izotzak gorabehera ibaia zeharkatzeko aukera emango zuena, itsas zirkulazioa eragotzi gabe, gainera.
1903az geroztik, MAN Gustavsburg eta Allgemeine Elektrizitäts-Gesellschaft (AEG) etxeek instalazioa diseinatzeko plan zehatzak prestatu zituzten, baina finantzaketan izandako arazoek (eraikuntza kostuak, kontrol zentro elektrikoa barne, 180.000 markokoak izan ziren) 1908ra arte atzeratu zuten lanen hasiera.
Max Pinette berlindar ingeniaria arduratu zen eraikuntza zuzentzeaz, eta 250 tona altzairu erabili zituzten. Neguan ekin zioten eraikuntzari, eta hasiera oso ona izan ez bazen ere, 1909ko abuztuan amaitu zituzten lanak. Urte hartako urriaren 1ean egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala.