Nicolás Avellaneda Transbordadorea
Nicolás Avellaneda Transbordadorea – Buenos Aires – Argentina

Nicolás Avellaneda Zubi Transbordadorea, ofizialki Nicolás Avellaneda Errekastoko Transbordadore edo Zubi Garraiatzaile izenez ezaguna, Buenos Aireseko La Boca auzoan kokatuta dago, Argentinan. Amerika osoan kontserbatu den transbordadore zubi bakarra da. 1914an inauguratu zuten, eta 1960ra arte egon zen martxan. Hura desmuntatu eta txatarra gisa saltzeko zorian egon ziren, baina azkenean kontserbatu eta zaharberritu egin zuten. 2017az geroztik martxan da berriro, ia 60 urte geldirik egon ostean.
Historia
XX. mendearen hasieran, La Boca auzoa Buenos Aireseko toki oparoenetako bat zen, jarduera bizia baitzuen bai merkataritzan, bai industrian. Matanza-Riachuelo ibaiaren alde bietan ugaritzen ari ziren lantegiak, hozkailuak eta ontziolak, eta etengabe ibiltzen ziren batera eta bestera itsasontziak eta langileak.
1908an, baimena eman zioten Ferrocarril del Sud enpresari La Boca auzoa (Buenos Aires hiria) eta Avellaneda udalerrian kokatuta zegoen Maciel uhartea (Buenos Aires probintzia) konektatuko zituen zubi transbordadore berri bat eraikitzeko. Kostua 100.000 libra esterlina ingurukoa izango zen, eta Buenos Aireseko probintziak ordainduko zuen oso-osorik.
Zubia, burdinazko egiturazkoa, zatika eraiki zuten Ingalaterran. Itsasontziz bidali zuten handik, eta Buenos Airesen muntatu zuten; gutxi gorabehera 3 urte behar izan zituzten horretarako. Soilik dorreen zimenduak, 24 metroko sakoneran sartuak, eraiki zituzten Argentinan bertan. 1914ko maiatzaren 30ean inauguratu zuten, eta Nicolás Avellaneda Zubi Transbordadore izena jarri zioten, Argentinako Errepublikako presidente ohiaren omenez (1874-1880).
Pertsonek eta ibilgailuek ez ezik, tranbiak ere erabiltzen zuen zubia, gabarra gainean zeharkatzeko errekastoa.