Getxo, 2018

Hedapen, dibulgazio, arte eta aisialdiko jarduerez betetako 125. urteurrenean, Bizkaia Zubiak beste urrats bat eman zuen zenbait urte lehenago hasitako ibilbidean, eta munduko biltzarra antolatzeaz arduratu zen. Biltzar hartan, Transbordadore Zubien Elkartea suspertzeari ekin zioten, 2003an sortua ondare horiek babesteko. Nicolás de Avellaneda zubiaren ordezkaritzak sinatu zuen eraketa akta, Argentina izan zedin hautagaitza bateratuaren buru. Frantzia eta Alemaniako ordezkariek hurrengo hilabeteetan sinatzeko konpromisoa hartu zuten.

Era berean, biltzar hartan www.puentestransbordadores.com on-line plataforma aurkeztu zuten, zortzi transbordadoreak balioetsi, hedatu eta sustatzeko espazio komuna: gune bizia, herritarrei irekia, bakarkako ekimenen erakusleihoa eta baterako ekintzen abiapuntua. Tartean ziren kudeatzaileek modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten.

La Boca, 2017

Fundación X La Boca fundazioaren ekimenez, berriz inauguratu zuten Nicolás de Avellaneda Transbordadorea, azpiegitura eta argiztapena berrituta. Inaugurazio hura aukera paregabea izan zen nazioarteko beste biltzar bat egiteko, eta bultzada eman zitzaion 8 zubien nazioz gaindiko izendapen serializatuaren eskaerari, zeina 4 urte lehenago jarri baitzuten abian.  Hala bada, hitzaldi eta eztabaida egitarau zabala eta bestelako jarduera ugari (erakusketak, bisita gidatuak, Riachuelo ibaian barrenako bisitak, etab.) antolatu, eta izendapen hura lortzeko beharrezko kudeaketak egin zituzten.

Rendsburg, 2013

2013an, Rendsburgeko Zubiaren mendeurrena zela-eta, Transbordadoreen Nazioarteko Biltzarra egin zen Alemanian. Halakoen kudeatzaileak ingeniaritzako altxor horietako bakoitzaren egoerari buruz hitz egiteko bildu ziren, eta guztiek elkarrekin sinatu zuten akta, zubi guztiak Gizateriaren Ondare izateko hautagaitza bakar batean aurkezteko UNESCOri, Bizkaia Zubiaren bidetik, zeinak 2011n lortu baitzuen aitorpen hori. Munduko zortzi transbordadoreen arteko etorkizuneko lankidetzaren haziak landatu zituzten.