Bizkaia Zubia kontserbatzen. 2018. urtea

Bizkaia Zubia zaintzeko asmoz, urtero-urtero kontserbazio eta mantentze lanak egiteko esku hartze partzialak gauzatzen dira azpiegituraren hainbat elementutan. Esku hartze horiek ezinbestekoak dira, bai herritarrek ondareaz gozatu ahal izateko, baita zubiak etengabe behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko ere.

2018an zehar, honako hauek egin dira, besteak beste: zubiari eusten dioten altzairuzko kableen ainguraketa blokea lehengoratzeko lanak ezkerraldean (Portugalete); pasarela panoramikora iristeko igogailuen konponketa;  aldaketa teknologikoak ontzia ertz batetik bestera eramaten duen gurdiaren lekualdaketaren kontrolean (erregulagailuak); ohola aztertzeko lanak, eta dorreen prebentziozko mantentze lanak.

Flamenkoa eta burdina: gizateriak elkartutako bi ondare

2018ko urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eta Ondarea, emakumeen emaria izenburupean, emakume ijitoen artea eta xarma omentzeko lehen flamenko jaialdia egin zen Bizkaia Zubian.

 

 

Munduko bi ondare horiek uztartu ziren estreinakoz, eta, horrez gainera, emakumeek kultura ondarearen transmisioan egindako ekarpenaren balioa azpimarratu zen. Emakumeak eta Bizkaia Zubia argazki erakusketak osatu zuen ekimena.

 

 

Kolaboratzaileak: Sim Romi eta Kale Dor Kayiko elkarteak.

Bideoa: Jose Angel Eizaguirre

 

Enblema Urdina Nicolás de Avellaneda Transbordadorearentzat

2018ko abenduaren 18an, Nicolás de Avellaneda Transbordadore Zubiak Enblema Urdina jaso zuen Lantalde Nazionalaren eskutik. Talde hori hainbat ministeriotako ordezkariek osatzen dute (Defentsa, Kanpo Harremanak eta Kultu, Hezkuntza, Kultura, Zientzia eta Teknologia), eta Gatazka Armatuetan Kultura Ondasunak Babesteari buruzko Konbentzioaren baitan (Haga, 1954 eta horren Protokoloak) Argentinako estatuak bere gain hartutako nazioarteko betebeharrak ezartzeaz arduratzen da.

Lorpen garrantzitsua izan da, ondarea eta, ondorioz, Argentinako historia eta kultura babesteko.

Argazkiak: César Valdivieso, Laura Cabañas eta Carlos Oscar Di Lorenzo

 

Munduko ondare diren lekuen kudeatzaileak Bizkaia Zubian elkartuta

2015eko urriaren 6an eta 7an, Espainian Munduko Ondare diren Lekuen Kudeatzaileen IX. Topaketa egin zuten Bizkaia Zubian, “Mundu ondarea: onura sozialak eta tokiko garapena” izenburupean. Topaketa hori urtero antolatzen du Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, eta kudeatzaile horiek izaten dituzten erronkei buruz gogoeta egiteko balio du.

Bizkaiko topaketan, ondarea tokiko garapenerako zentzuz erabiltzeak gizarteari ekar diezazkiokeen onurei buruz eztabaidatu zen. Horretarako, hainbat hitzaldi eta lantalde antolatu ziren, eta Ciudades más humanas, patrimonio más social azterlana aurkeztu zen, Amaya Herrerok eta Ondare Historikoa Babesteko Zuzendariordetza Nagusiak egina.

Argazkiak: Jose Angel Eizaguirre

Beltzetik gorrira. Azken zaharberritze handia

2011an, Bizkaia Zubia kontserbatu, zaharberritu, lehengoratu eta finkatzeko proiektu integral bat gauzatu zen, orain arteko azkena. Oholari eusten dioten pendulu guztiak aldatu zituzten; egituraren eta dorreetako txarrantxa sistemaren hainbat elementu indartu edo aldatu zituzten, eta metalezko egitura margotu zuten. Zubiak atzean utzi zuen ikatzaren beltz kolorea, eta Somorrostro gorriz margotu zuten, inguru hartako meatzeetako burdinaren zainen kolore bereizgarriaz, eremu hori izan baitzen XIX. mendean Bizkaian izandako industrializazio prozesuaren bihotza.

Bideoa: Jose Angel Eizaguirre

 

Arte en miniatura ikus-entzunezkoa

Maketa artistikoen irudiak bildu dituen ikus-entzunezkoa da, omenaldi hunkigarria eginez erakusketa antolatu duen Batzorde Sustatzaileak bultzatuta; erakusketaren izena La Boca transbordadorea: EHUN URTE, ZUBI BAT da; Silvana Canziani (ideia eta ekoizpena), El Trapito elkartea,  Nas Dom Elkarte Jugoslaviarra, Benito Quinquela Martín Arte Ederren Museoaren laguntzarekin.

Maketa horiek omenaldia egiten diote Argentinako zubiari, eta zubi horrek nahiz Bizkaia Zubiak –ehun urtetik gorako egiturak, bi-biak– izandako garrantzia interpretatzen dute.

El Transbordador de La Boca: 100 años, un puente bideoa

Homenaje desde el sur | Hizkuntza: gaztelania

Read more

Un puente de palabras bideoa

Audioa gaztelaniaz | Azpitituluak ingelesez

Read more

Rocheforteko eta Buenos Aireseko arduradunak Bizkaia Zubian

Hilabete honetan Rocheforteko Transbordadore Zubiko arduradunen frantziar ordezkaritza bat eta Buenos Aireseko Zubiko arduradun Nicolás Avellaneda hartu ditugu gurean plazer handiz. Bizkai Zubia eta haren gestioa bertatik bertara ezagutu nahi zituzten eta, aldi berean, gerturatzen ari den Transbordadore Zubien VI. Biltzarraren programaren garapenean aurrera egin.

Bi egun zoragarri igaro ditugu elkarrekin, eta lotura sakona sortu da gure artean, Alberto de Palacioren asmakizun bikainaren inguruan lotuko gaituen proiektu multinazional baten bila.

Hastera goaz!