Vídeo Puente Bizkaia

Puentes Transbordadores. El Puente Vizcaya.
Dirección: Sabin Egilior
Guión: Alberto Santana
Producción: Aixeder, para el Departamento de Cultura del Gobierno Vasco.

Munduko Transbordadore Zubiak Bideoa

Monumentuen eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aurten, apirilaren 18an, MUNDUKO TRANSBORDADORE ZUBIAK aurkeztuko da, zubi hauen ondare eta gizarte mailako garrantzia hedatuko duen saio berezia, on line eskainiko dena.

Film labur honen bereizgarria da isolamendu sozialeko garaian egin dela, munduak bizirik dauden zortzi transbordadore zubiek modu kolaboratiboan emandako materialaren edizioa koordinatuz; zubi hauek Industria Iraultzaren isla dira. Hala, transbordadore zubi bakoitzak dagokion komunitatean duen esanahi sakona eta historia modu laburrean ikus daiteke.

Ideia, Produkzioa eta Errealizazioa: Silvana Canziani

Ongi etorri gurera

Izen horrekin hasi da X La Boca Fundazioaren eta Carlos Oscar Di Lorenzoren programa, kultura interesekotzat jo duena Argentinako Kultura Ministerioak. 360 graduko esperientzia birtuala izango da, eta edozeinek, ordenagailutik, telefono mugikorretik edo VR betaurrekoetatik, bidaia bat egin ahalko du Nicolás Avellaneda Transbordadorean, ertzetik ertzera, La Bocatik Isla Macielera eta alderantziz.

Horrez gain, transbordadorearen historiaz, inguruan duen paisaiaz eta bi ertzetako ondare historiko eta kulturalaz ikasteko ere balioko du; izan ere, programa birtuala osatzeko txoko enblematikoetatik bisita gidatuak eskainiko dira.

https://fxlaboca.wixsite.com/bienvenidxsabordo

Bideoa #BAB

Ontziaren Birmoldaketa Teknikoa

Bizkaia Zubia Ontzitxoaren Birmoldaketa Teknikoa egiteko aurreproiektua lantzen ari da, Garapen Jasangarrirako Helburua (GJH) hobetze aldera; hala, abenduan Irunera joan ginen, Poliester Gabiria enpresa bisitatzeko; beira zuntzez indartutako poliester inguratzaileak ekoizten espezializatutako enpresa da, eta oso inpresio ona jaso genuen.

Osten-Hemmoorreko transbordadore flotagarria: aire zabalera irekitako kultura agertokia

Pojatz taldea entseatzen. Argazkia: Karl-Heinz Brinkmann

Urte latza izan da aurtengoa, COVID-19ak eragindako murrizketen ondorioz. Besteak beste, ezin izan dugu zubiaren 111. urteurrena nahi bezala ospatu. Baina bestelako albisteak ere izan ditugu.

Ekainetik, zubiak berriz ere jardunari ekitea baimendu zenetik, bisitarien fluxuak gora egin du, eta 2019ko denboraldiko bisitariekin erkatuta, kopurua % 35 hazi da. Marka hautsi dugu.

Bidenabar, transbordadorea aire zabalean irekitako kultura hitzorduetarako agertoki ere bihurtu da. Musikarien entsegu leku gisa hasi zen, ez zegoelako baimenduta entseguak areto itxietan egitea; hala, ziur gaude etorkizunean bide luzea egingo duen aukera ireki dela.

Ondarearen Europako Jardunaldiei eskainitako irratsaioa

Iraila amaieran Ondarearen Europako Jardunaldiei eskainitako irratsaioaz  gozatu ahal izan genuen; Ser kateak Bizkaia Zubitik bertatik emititu zuen irratsaioa, eta Andoni Iturbe, Amaia Sarasola, Begoña Ibarra, Mikel Torres eta Nagore Orella izan ziren bertan.

 

Osten-Hemmoor, erabat galdu den museo bat edo hasiera berri bat?

FährStuv. Argazkia: Karl-Heinz Brinkmann

Udaberrian atsekabez jakin genuen zubiko erakusketa espazioari eraso egin ziotela; erabat suntsituta geratu zen.

Bada, aurrera begiratu behar da, eta plazer handiz iragarri nahi dugu museo berri baten proiektua dugula esku artean; dagoeneko proiektu horretan lanean ari gara.

Etorkizunera begiratuz, transbordadorearen historiari buruz gehiago jakiteko aukera emango digun kontzeptua garatu dugu; denok izango dugu horretarako aukera, baita ikusmen desgaitasuna duten pertsonek ere. Bidenabar, erakusketa areto berria erabilera anitzekoa izan dadin diseinatuko da, eta ekitaldietarako areto ere bihurtu ahalko da, agertoki txiki batekin.

Dena aurreikusi bezala joanez gero, 2022ko denboraldiari ate irekien jardunaldi batekin hasiera emateko prest egongo da FährStuv berria.

Bizkaia Zubia Covid-19aren aurrean

Azken hilabeteetan jardun soziala nabarmen murriztu denez, unea baliatu dugu egituraren hainbat zona, ontziratze eremuak eta terrazak garbitu eta margotzeko, baita prebentziorako mantentze lanak egiteko ere, esaterako orgaren gurpilen bat aldatu eta atrakatze sistemak eta ontziaren kableak lotzeko, besteak beste.

Mantentze lanez gain, instalazio osoa garbitu eta desinfektatzeko berariazko lanak egunero egin dira, Viribiol plus bakterizida/ fungizida/ biruzida erabiliz, COVID-19a saihestu eta birusari aurre egiten laguntzeko.

Beste lan nabarmen batzuen artean aipatu behar da bideak seinaleztatu egin direla zamaketa lanen orduan ontzira modu seguruan sartzea eta kontrolatzea bermatzeko. Bidenabar, Bizkaia Zubiko segurtasun soka guztiak berrikusi egin dira eta urteko ziurtagiria lortu dute.

La Boca-Isla Macielgo transbordadorea berriz ere martxan da

Irailaren 11n zerbait historikoa gertatu zen. Harrezkero, Nicolás Avellaneda Transbordadorea berriz ere martxan da, La Boca eta Isla Macielgo langileak garraiatuz. X La Boca Fundaziotik pozez hartu dugu zubia berriz ere martxan jartzea, horrenbeste urte igaro ondoren eta errekaren bi ertzetako auzokide guztiek zein elkarteek ahalegin handia egin eta gero. Hala, transbordadorearen ontziak 1914. urtean bezalaxe zeharkatzen du ibaia alde batetik bestera.

Etapa berri honen lehen bidaiaren bideoa uzten dizuegu jarraian.

Funtzionamendu ordutegi berria 08:00etatik 19:00etara artekoa izango da astelehenetik ostiralera, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.

Pasabide panoramikoaren argiztapena

Pasabidearen argiztapena erabat berritu da, eta eskubandaren azpian 320 metro led argi jarri dira; hala, garai berrietara egokituko gara, eta jasangarriagoak izateko eta arlo energetikoan Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeko ahalegina egingo dugu.